Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Aia
2008ko abenduak 5, Ostirala

;2008-09-07; BOSTEKOA. Volkerri gutuna. XABI BORDA

Volkerri gutuna

Bostekoa

Xabi Borda

Volker adiskidea, seko harrituko zara gutun ireki hau irakurtzean. Erotu naizela usteko duzu, Bartzelonan ezagututako lagunari torlojuak larregi erlaxatu zaizkiola. Zuk irakurtzea lortzen badut, ordea, eureka! Hutsean bide bat zabaldu dudan seinale. Eman zenizkidan telefono zenbakia eta helbide elektronikoa galdu egin baititut. Eta larri naiz zure beharrean. Inguruko jendearen ahaleginak eskertzen ditut, baina ezin dute nire urduritasuna amiñirik ere baretu. Ez dituzte zuk dituzun erantzunak, Volker. Behar ditudan horiek.

Hegazkinek lurra hartu beharrean lurra jotzen duten sasoi hauetan, zintzilik gabiltzan sentipena nagusitu da herritarron artean. Lehen auzoko lasaiena zenak, orain su-itzaltzaile bat jarri du balkoian, eta flotagailuak dauzka lorontzien ordez. Badakizu, inoiz ez da jakiten noiz. Hainbeste baitira ezbeharrak, naturalak eta gizakiak eragindakoak, bati ihes eginda ere, ziur gaudela hurrengoak harrapatuko gaituela. Hori ikusteko ez dago Einsteinen begien beharrik.

Poloak urtuko zaizkigu. Klima zoratuko da, udan elurra eta neguan gereziak ekarriz. Ozonorik gabe erre egingo gara. Oilasko mutanteez beteko dira supermerkatuak. Petrolioa ahituko da. Azken antxoa hilko zaigu... Telebista piztea besterik ez duzu.

Horiek guztiak txikikeriak dira, ordea, ondokoarekin alderatuta: jakingo duzun bezala, estaturik aurreratuenek inoizko partikula-azeleragailu handiena egin dute Genevan. Bertan materia ia argiaren abiaduraraino eramanez zientziaren azken sekretuak argitzea espero dute. Baina zientzialari (ero edo zuhur?) bat ez dago lasai. Beldur da pasabide erraldoi horretan zulo beltzen bat sortu eta mundua irentsiko duen. Auzi bidean jarri zuen proiektua, baina badirudi ez diotela kasurik egin. Hilaren 10ean jarriko dute tramankulua martxan (neure urtebetetze egunean!).

A zer amaiera: munduak bere burua irentsiko du. Ez pentsa mundu guztia batera desagertzea hain beldurgarri zaidanik. Galtzailerik eta irabazlerik gabeko bukaera justizia poetikoa izan daiteke.

Baina bitartean ez nago lasai. Azterketa garaian murgilduta, etxean sartuta, festa eta harrabotsetatik urrun... Zulo beltzaren posibilitateak kinkan jarri nau. Ez dakit orain artean bezala jarraitu behar dudan ikasten, edo Euskal Jaietara joatea hobe dudan inoizko parrandarik handiena botatzera (biharamunik izango ez duena!).

Bi aukerek utzi bainazakete lotsagarri: ikasketak albo batera lagata, ahal ditudan denak edateagatik, hurrengo goizean buruan sekulako zuloarekin esnatzeari ez diot graziarik topatzen. Are gutxiago, etorkizunerako tonto bat bezala ikasten ari naizela zulo beltz batek oharkabean irentsita desagertzeari.

Horregatik Volker, zure beharrean naiz. Fisikaren poeta horrek, existitzen ez diren partikulen bila bizitza eta izerdia uzten duzun horrek, partikula-azeleragailu batean lanean ari den nire kontaktu bakarrak zer iritzi duen jakin nahiko nuke. Eskertuko nizuke ahalik eta azkarren (ez dago denborarik!) argituko bazenit guzti hau mundu osoa erasanda duen mehatxatuaren sindromearen beste agerkari huts bat den, edo oraingoa serioski hartu beharreko kontua den. Azken kasu beltz horretan, Zarautzera gonbidatuko zaitut. Ziur bainaiz, zauden lekuan zaudela, kostako zaizula mundualdi honi bukaera emateko giro aproposagoa topatzea.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.