Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Aia
2008ko azaroak 21, Ostirala

;2008-07-02;Piraguistek emaitza onekin itzuli dira Ingalaterratik . Zumaia Espainiako Master Txapelketa irabazi du IÒigo PeÒak, 500 eta 1.000 metrotan; Europako Txapelketarako sailkatu da

Piraguistek emaitza onekin itzuli dira Ingalaterratik

Zumaia Espainiako Master Txapelketa irabazi du Iñigo Peñak, 500 eta 1.000 metrotan; Europako Txapelketarako sailkatu da

aritz mutiozabal

Itxas-Gain elkarteko 10 piraguista Ingalaterran (Erresuma Batua) izan dira joan den asteburuan. Londrestik 40 bat kilometrora dagoen Guilford hiriko Wey ibaian antolatutako proba batean parte hartu dute, eta emaitza onekin itzuli dira etxera. Izan ere, K-2 mailako proba batean, Kepa Larrañaga eta Mikel Solozabal bikotea garaile izan zen eta Miren Lopetegi eta Amaia Olaizola, berriz, txapeldunorde; Kepa Etxabe jaun eta jabe izan zen K-1 mailan; Josu Ansola, K-1 mailako beste multzoan, laugarren; Maite Amilibia eta Ane Eizagirre, zazpigarren K-2 mailan; eta K-1 mailan, Karmele Eizagirre, zazpigarren eta Idurre Peña, bederatzigarren.

Bestalde, Iñigo Peñak 1.000 eta 500 metrotako probak irabazi ditu Espainiako Master Txapelketan, K-1 modalitateann, eta Europako Txapelketarako sailkatu da.

Esperientzia berria

«Orain arte, ez dugu halako proba batean parte hartu», azaldu du elkarteko presidente Txiki Gorostolak: «Hemen ez bezala, han piraguista bakoitzak duen markaren arabera sailkatzen dituzten probak, gizonezkoak edo emakumezkoak bereizi gabe». Alde horretatik, esperientzia «polita» bezain «gogorra» izan dela nabarmendu du Txiki Gorostolak: «Uste dut ongi prestatuta joan ginela eta emaitzak ere halakoxeak izan direla. Antolatzaileak ere harrituta geratu ziren, zumaiarrok erakutsitako mailarekin».

«Trukeko» egitasmoa

Honakoa «trukeko» esperientzia bat izan da, Itxas-Gainek Guilford hiriko Wey Kayak Clubarekin hitzartutakoa. Eta zumaiarrak han izan diren bezala, piraguista ingelesak Urolako jaitsiera-igoera eta Bidasoako jaitsiera egitera etorriko dira hilaren 19an eta 20an.

Asteburuko proban parte hartu zuen Euskal Herriko talde bakarra izan zen Itxas-Gain; Espainiako Estatuko talderik ere ez zen izan. Iaztik Balentziaga ontziolan ikuskatzaile gisa dabilen Antoni Sokolofen bidez lortu dute «trukea», hau bi piragua elkarteetako kide baita .

############

«Motibatuta iritsi ez arren, garaipenen bila abiatu nintzen»

Iñigo peñA ðPiraguista

Kirola Kezkak izanagatik, bikain aritu da Iñigo Peña asteburuan; lortutako garaipenekin «gustura» dagoela aitortu du

a. mutiozabal

Piraguismoko Espainiako Master Txapelketa jokatu zen joan den asteburuan Trasonan (Asturias, Espainia), eta Itxas-Gain taldeko Iñigo Peñak (Zumaia, 1990) 1.000 eta 500 metroko lasterketak irabazi zituen K-1 modalitatean. Egun, Madrilen bizi da, goi mailako kirolariei zuzendutako egoitza batean.

Bi probetan txapeldun izatea sekulakoa izan da, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Gainera, bi probetan irabazten dudan lehenengo aldia da. Iaz, 1.000 metrotan garaile izan nintzen, baina 500 metrotan hirugarren. Aurten, ordea, bietan nagusitu naiz. Gogotik egin dut lan urte osoan zehar eta duda asko izan ditudan arren, guztia ongi atera da.

Dudak diozunean, arazo fisikoez ari al zara?

Ez, arazo fisikorik ez dut izan. Kontua da Espainiako Kopan ez nintzela espero nuen moduan aritu eta horrek kezkatu egin ninduela; izan ere, 1.000 metrotan bigarren sailkatu nintzen eta 500 metrotan, hirugarren. Ondorioz, asteburuko probara ez nintzen erabat motibatuta iritsi. Edonola ere, garaipenen bila abiatu nintzen eta nire helburuak bete nituen. Egia esan, oso gustura nago.

Probak lehiakorrak izan al ziren ala aise gailendu zinen?

1.000 metrotan oso justu irabazi nuen. Lasterketa osoan aurretik joan nintzen arren, azken metroetan aurkariak gainean izan nituen. Aitzitik, 500 metroko lasterketa lasaiago osatu nuen, aurkariei alde pixka bat atera bainien.

Aipatutako garaipenekin Europako Txapelketan aritzeko txartela lortu duzu. Hori al duzu une honetan buruan?

Hungarian izango da, hilaren 19an eta 20an, eta bai, txapelketarako prestatzen ari naiz. Bertan ere 500 eta 1.000 metrotan jokatuko dut. Nire asmoa bi lasterketetako finaletan sailkatzea da.

Eta finalerako sailkatuz gero, podiumera igotzeko aukerarik izango al duzu?

Finalerako sailkatuko banintz, dominaren bat lortzen saiatuko naiz. Nik uste dut aukerak baditudala. Iaz, Munduko Txapelketan laugarren sailkatu nintzen eta aurten, gauza berezirik gertatzen ez baldin bada, aurrean ibili beharko nuke. Ez dakit nazioarteko piraguistak fisikoki zer moduz dauden, baina podiumera igotzeko aukerak ditudala uste dut. Gainera, aurten urte bat zaharragoa naiz eta eskarmentu gehiago dut.

############

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.