Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Aia
2008ko uztailak 25, Ostirala

;2008-05-17;´Oraindik ere gizon batzuei ez zaie gustatzen emakume batek eurei irabaztea». Aia Gaur eta hemen, ezin da korrika egitetik bizi; eskualdean ez dago atletismoko pistarik ere, baina Amilibiari ´gustatu» egiten zaio eta ezin duela utzi aitortzen du. NEREA AMILIBIA õ . Atleta

nerea amilibia ðAtleta

«Oraindik ere gizon batzuei ez zaie gustatzen emakume batek eurei irabaztea»

Aia Gaur eta hemen, ezin da korrika egitetik bizi; eskualdean ez dago atletismoko pistarik ere, baina Amilibiari «gustatu» egiten zaio eta ezin duela utzi aitortzen du

onintza lete

Denboraldi bikaina ari da egiten mendi lasterketetan espezialista den Nerea Amilibia (Aia, 1971) atleta. Atzo, HITZAko erredakzioan izan zen eta internet bidez herritarren galderei erantzun zien; azkenaldiko emaitzez, entrenamenduez, atletismoaren egoeraz eta abarretaz aritu zen ordubete pasatxoan.

Astebeteko epean Pagoetako Mendi Lasterketa eta Izarraizkoa irabazi dituzu; horiek irabaztera atera al zinen, ala zure helburua Aizkorriko Mendi Lasterketa prestatzea izan al da? Itziar.

Nire helburua ez zen Aizkorrirako prestatzea. Urtero mendian ibiltzen gara eta bi lasterketa horietara joan naiz. Beharbada kasualitatea izan da biak irabaztea.

Zegama-Aizkorriko maratoian parte ez hartzeko arrazoi bereziren bat ba al daukazu? Xaxi.

Bai. Duela lau urte ez nengoen federatuta eta ez zidaten podiumera igotzen utzi. Hurrengo urtean federatuta joan nintzen eta esan zidaten aurreneko euskaldunarentzat ez zegoela ezer. Halako proba bat egin eta gero lehenengo euskaldunarentzat ezer ez egotea tristea dela uste dut.

Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak aurrenekoz antolatu du Izarraizko Mendi Lasterketa. Zer iruditu zaizu? Andoni.

Proba oso polita izan da; gogorra, baina polita. Antolakuntza aldetik ere zoragarria izan dela esango nuke. Hurrengo urtean ere aurtengoa bezain gogorra jartzea eskatuko nieke antolatzaileei.

Lasterka beteranoen mailan egiten duzun arren, oraindik gazteagoak direnei 'egurra' ematen jarraitzen duzu. Gazteak ahul al datoz, ala? Zatopek.

Bai, hala iruditzen zait niri. Mendian ez dago gazterik, adibidez. Selekzioarekin-eta dabilen bat badago, baina laster utzi egingo du. Krosean, berriz, 18 urtekoei egur ederra ematen diet. Nik uste adin horretan ez direla entrenatzen.

Eskualdean korrikalari ugari ibiltzen zarete tokian tokiko lasterketetan, emaitza onak lortzen gainera, baina gure inguruan ez dago atletismoko pistarik. Horren falta nabaritzen al duzue? Abebe Bikila.

Hemen ez dago ezer. Zarautzen, Abendañon, esaterako, 500 metroko belarrezko pista dugu; laster, ordea, autobidea pasako da hortik eta ez dakit nora joango garen. Mendian entrenatzeko arazorik ez dugu, baina bestela ez daukagu pistarik, ez dugu ezer.

Mendi maratoien alorrean zein da emakume kirolarien egoera? Nola bizi duzu zuk? Oraindik ere erakundeen aldetik laguntzak jasotzerakoan bereizketak egitean al dituzte? Alaitz.

Emakume gutxi gaude alor honetan, eta oraindik ere gizon batzuei ez zaie gustatzen emakume batek eurei irabaztea. Norbait pikatuta ikusten badut are gogorrago aritzen naiz eta hari irabazten saiatzen naiz. Erakundeen aldetik, berriz, ez dut bereizketarik dagoenik uste. Bestalde, jendea entrenatzera eta korrika egitera animatu nahi nuke, emakume gutxi dago eta haiek animatzea nahiko nuke.

Mendi lasterketetan, atletismoan... dabiltzan kirolarientzako diru laguntzarik ba al dago? Dagoena nahikoa al da, edo gehiago egon behar luke? Maria.

Ez dago ezer. Mendi lasterketetan, hala ere, badago zerbait, baina laguntzarik bat bera ere ez. Hortik ezin dugu bizi, hobby modura egiten dugu guk hau.

Zergatik ez duzu parte hartzen euskal selekzioarekin? Xele.

Ez dago ezer euskal selekzioan; kanpora eramaten zaituzte, lasterketa luzeak izaten dira, eta nik familia daukat eta ezin dut horrela ibili. Agian jende askok pentsatuko du hor soldata bat-edo dagoela, baina hor ez dago ezer.

Merezi al du horrenbeste esfortzuk, gero hortik ez bizitzeko? Futbolarien aldean ez al du meritu gehiago zuek egiten duzuenak? Luis.

Ez dago ezer hortik bizitzeko, baina guri gustatu egiten zaigu eta ezin dugu utzi. Gainera, ez dakit bada futbolariek baino meritu gehiago al dugun guk...

Mendi lasterketetan eta krosetan aritzen zara; batek eta besteak entrenamendu desberdina eskatzen al dute? Alaitz.

Bai, oso desberdinak dira. Mendirako erresistentzia hartzeko egiten dut krosa, gehienbat . Lasterketa motzak dira eta mendirako gehiago entrenatu behar da.

Nola prestatzen duzu zeure burua?Astean zenbatetan entrenatzen zara? Iñazio.

Astean ordubeteko hiru spinning saio egiten ditut. Gainera, hiru egunetan mendira joaten gara korrika egitera. Beste egun batean Abendañoko zelaian lasai ibiltzen gara, eta gelditzen den egunean deskantsatu egiten dut. Korrika asko egin behar da eta spinning-ak erresistentzia handia ematen du. Astean hiru aldiz joaten naiz mendira, egunero joatea ere ez delako ona.

Horrenbeste ordu korrika eta sufritzen ari zarenean, burua bere tokian edukitzea ere garrantzitsua izango da, ezta? Ximun Froid.

Bai, ni beti zentratuta joaten naiz; zakarra naizela esaten didate, baina...ni neure burua animatuz joaten naiz eta barkamena eskatu behar izaten dut lasterketetan ez diodalako kasurik egiten inori.

Indar psikologikoa ere inportantea izango da... Mailu.

Nik uste dut familia ona dudala eta horrek ere asko laguntzen du. Beraien babesa dut eta hori garrantzitsua da niretzat. Gainera, neu ere burugogor hutsa naiz.

Zein mendi lasterketa duzu gustukoen? Maite.

Denak gustatzen zaizkit, apartekorik ez daukat. Agian Aizkorri nuen gustukoen, gogorra eta luzea delako eta hor oso ondo moldatzen naizelako, baina besteetan ere oso gustura aritzen naiz. Niretzat denak dira ederrak.

Mendi lasterketak ez diren beste zein kirol duzu gustuko? Beste kirolik egiten al duzu? Hiru-Manu.

Mendi bizikleta gustatzen zait. Zaldi bat ere badut eta harekin apur bat ibiltzea ere gustuko dut. Spinning-az gain uda partean-eta bizikletan ibiltzen naiz. Tolosako Baliarrain auzoan izaten da bizikleta lasterketa bat; motza baina potentea izaten da, dena aldapa gora izaten delako. Duela hiru urte izan nintzen, eta iaz ezin izan nuen, min hartu nuelako, baina aurten parte hartzeko asmoa dut.

Inoiz lesio garrantzitsurik izan al duzu? Pili.

Tendinitisa dut Akilesen tendoian. Batzuetan hobeto edukitzen dut eta besteetan, berriz, okerrago; masajistak urtebetez geldi egoteko esaten dit, baina nik ezin dut hau utzi. Gainera, denboraldi ona egiten ari naiz.

Hain proba gogorrak egiteko, erotuta egon behar al da pixka bat ala sufritzea gustatzen zaizue? Sadeko Markesa.

Erotuta ez, gustatu egiten zaigu eta niretzat ez da sufritzea; gustura egiten dut.

Zer iruditzen zaizu jendea mendi martxetan korrika ibiltzea ? Martxosua.

Gaizki, mendi martxak oinez egiteko dira, ez korrika.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.