
Aurten ere giro ederrean ospatu dute Asentzio Feria
Aia Beste urteetan baino «jende gutxiago» ibili bada ere, eguna giro ederrean ospatu zutela adierazi du Igor Iturainek
onintza lete
Igandea egun handia izan zen aiarrentzat. Asentzio Feria ospatu zuten eta aurtengoan ere jendez bete zen herria feria bertatik bertara ikusteko. Dena dela, aurten besteetan baino jende gutxiago ibili dela adierazi du Aiako alkate Igor Iturainek.
Zentzu horretan, jaitsiera horren arrazoia aurtengoan feria zubian tokatu izana dela uste du Udaleko Kultura teknikari Eli Lasak. Hala ere, igandeko feria giro apartean ospatu zutela azpimarratu nahi izan du Iturainek.
Ganadua protagonista
Eguerdi partean nahiz arratsaldean, ganadua eta bestelako animaliak izan ziren protagonista feria honetan. Izan ere, behiak, idiak, kapoiak, ardiak, zaldiak... eraman zituzten herrigunera, bertakoek zein kanpokoek ikusi ez ezik, erosi ere egin ahal izateko.
Arratsaldean ere animaliak izan ziren protagonista, idi, zaldi eta behi proba jendetsua izan baitzen.
Bestalde, goiz partean herrian 50 postu inguru egon ziren mota askotako produktuak saltzen: arropa, makinak, artisautza, herriko produktuak... Iaz ere antzeko postu kopurua jarri zuten ferian, Lasak adierazi duenez.
Elkarlanean
Asentzio Feria Aiako Udalak antolatu badu ere, Jai Batzordearen eta Idi Probetako Elkartearen laguntza izan dutela eta feria elkarlanean antolatu dutela azpimarratu du Iturainek.
############
'Olarrea-Goikoa'-ren zaldia izan da nagusi
Jaiak Lanbru' zaldia nagusitu zitzaien proban idi eta behi pareari, 45 plaza, zinta bat eta 2 metro eta 50 zentimetro eginda
o. lete
Giro ederrean egin zen idi, zaldi eta behien arteko proba igandean. Asentzio Feriko egitarauaren barruan, 17:30ean hasi zen norgehiagoka hau eskolaren inguruko zelaigunean. Aitor Olarrea-Goikoaren Lanbru zaldiak irabazi zuen proba 45 plaza, zinta bat eta 2 metro eta 50 zentimetro eginda; bigarren postua Roman Aranberri Erreista-ren idi parearentzat izan zen, 40 plaza eta 4 metro eta 10 zentimetro eginda. Hirugarren, azkenik, Joxe Mari Urkidizaren behi parea izan zen, 34 plaza, zinta bat eta 4 metro eta 75 zentimetro eginda. Lanbru zaldiak erraz irabazi zuen, beraz, norgehiagoka berezi hau.
############
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.