
Estreinaldia dotorea izan da
Aia Sortzen Ikasbatuaz elkarteak aurreneko aldiz Gipuzkoara ekarri du bere festa; igandean izan zen eta balorazio ona egin dute
onintza lete
Sortzen Ikasbatuaz ikastetxe publikoen elkarteak Iruñean egiten du urteoro bere Jai Nazionala. Aurten, lehendabiziko aldiz, Gipuzkoara zabaldu nahi izan dute euren festa eta euren aldarria, eta Aian egun osoko jaia antolatu zuten joan den iganderako; Jai Nazionalerako dei egiteko helburuarekin etorri ziren Aiara.
«Kalitatezko euskal eskola publikoaren aldeko jaia» 10:00etan hasi zen, Aia inguruan egin zuten ibilaldi batekin; herriko bazterrak ikusi ahal izan zituzten ordubetez. Bezperan euri asko bota zuen eta lokatza zegoenez, uste baino ibilaldi motzagoa egin behar izan zuten.
Ikasleak protagonista
12:00etan ekitaldi nagusia hasi zen jendez goraino betetako probalekuan; Porrotx eta Josu Txapartegi Txapas zarauztarra aritu ziren aurkezle lanetan, eta Jon Maia eta Sustrai Colinak bertso ederrak bota zituzten. Baina protagonista nagusiak zazpi ikastetxetako ikasleak izan ziren: ekitaldiari hasiera Lardizabal eskolako ikasle eta irakasleek eman zioten, abestuz; Lasarteko Landaberri ikastetxekoek trikitia, panderoa eta kriskitinak jo zituzten; Urnietako Hegapekoek dantza garaikidea egin zuten; Martutene-Astigarragako Arantzazuko Amakoek trikitia jo zuten; Añorgako Amassorrainekoek karaokea egin zuten; Hernaniko Langilekoak koplak kantatzen aritu ziren; eta Donostiako Aitor ikastetxekoek, berriz, txistua jo eta abestu egin zuten. Ekitaldiaren amaieran, gainera, elkartearen materiala soinean jantzi eta desfilea egin zuten ikastetxe horretako ikasleek. Ondoren Porrotx-ek suzko zezena atera zuen eta euren entzierro partikularra egin zuten.
Bazkari batekin jarraitu zuten festa 158 lagunek. Bitartean haurrak frontoian gelditu ziren hainbat tailer egiten begiraleen laguntzarekin. Festa eta aldarrikapen eguna amaitzeko, erromeria izan zuten Lasartetik etorri zen Amalur taldearekin.
Antolatzaileak, «pozik»
Sortzen Ikasbatuaz elkarteko antolatzaileak «pozik» gelditu ziren igandeko festarekin. Gipuzkoan egiten zen aurreneko aldia izanik, «oso balorazio ona» egin zuten; «festarekin nahiz jendearen parte-hartzearekin gustura» agertu ziren.
Erakusketa
Beirate artistikoak
ZARAUTZ, Legarra beirategian - 2008-03-31
Erakusketa
Santa Maria la Real arkeologia multzoa
ZARAUTZ, Arte eta Historia Museoa - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.