
2006-09-18 | 15:57:36
Hezkuntza
Pagoeta Parkean ikasteko aukera izango dute ikasleek
Urritik aurrera, ikasleei zuzendutako hainbat ikastaro ipiniko dute martxan
Urrian hasiko da Pagoeta Parke Naturalean ikasturte berria, eta Iturraran baserria itxita egongo den arren, bertako aparkalekuaren ondoko eraikinean jarraituko dute lanean Arreta taldekoek. Aurten ere, hainbat ikastaro edo aktibitate antolatu dute, eta lanen ondorioz, talde gutxiago hartuko dituzten arren, guztiak ipiniko dituzte martxan.
Arreta taldea arduratzen da Pagoeta Parke Naturaleko bazterrak jendeari erakusteaz, eta horretarako bisita ugari eta ikastaroak antolatzen ditu bai ikasleentzat, bai bestelako bisitarientzat.
Ikastaroak lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikastetxeei zuzenduta daude, eta hainbat gai lantzeko aukera izango dute aurten ere ikasleek. Ogiaren ikasgela, Iturrarango erlategia eta lorategi botanikoa ezagutzeko aukera izango dute ikasleek, eta baita Pagoetan bizi diren animaliak, Agorregi burdinola eta Pagoeta Parke bera ere barru-barrutik. Parkeko informazio puntutik abiatuko dira beti ikasleak, eta aktibitate guztiak goizez egiteko izango dira.
Agorregin burdinolaren eta errotaren funtzionamendua nolakoa den ikasiko dute gazteek, besteak beste. Ogiaren ikasgelan, nekazaritzari eta elikadurari buruzko argibideak jasotzeaz gain, ogia egingo dute. Erlategian, berriz, erle motak zeintzuk diren, beraien ziklo biologikoa eta anatomia ikasiko dute, erletxeak ere ikusiko dituzte, eta eztia eta argizaria nola egiten duten; gainera, kandelak egingo dituzte ikastaro honetan.
Lorategi botanikoan, parkean dauden landareak, beraien ezaugarriak eta abar ikasiko dituzte, eta ikasleek landereen munduan mugiltzeko aukera izango dute. Aktibitate hauez gain, Pagoeta Parke Naturalean barrena, bertako animaliak eta basoko izaki bizidunak ezagutzeko aukera izango dute gazteek, eta baita Parke Naturala zer den eta zein helburu dituen ere, gizakiaren eragina ikustearekin batera.
Ikastaroez gain, bisitarientzat ibilaldiak antolatzen jarraituko dute Arreta taldekoek. Datorren larunbatean izango da hurrengo irteera. 09:30ean, Iturraran parketxetik abiatuko dira. Artetxotara autoz joango dira, eta handik, Sarrolara joango dira. Bertan, oreinak eta betizuak ikusteko aukera izango dute bisitariek, eta Orbelaundik pasatu ondoren, Artetxotara itzuliko dira eguerdi alderako.
Bestalde, Pagoeta Parke Naturalean egiteko hainbat ibilbiderekin mapa kaleratu dute. Bertan azaltzen diren ibilbideekin, Agorregi, parkeko fauna eta Pagoeta Mendiaren ingurua ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, mendiaz gozatzearekin batera. Ibilbide guztiak seinaleztatuak daude, eta Pagoetako hiru ibilbideez gain, Urola Kostan egiteko beste hamazazpi ibilbide luze eta labur deskribatu dituzte. Mapa, Pagoeta Parkeko informazio puntuan dago salgai.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.