
2008-05-28 | 16:42:24
Koadrila Eguneko bazkarian parte hartzeko toki gutxi dago
Iganderako herri bazkaria antolatu du Udalak; euro baten truke, edariak eta parrillak jarriko ditu eta norberak eraman beharko du jatekoa
Pagoeta Eguna da igandean. Aian Koadrila Eguna ospatuko dute eta herri bazkaria egingo dute. Norberak eraman behar du janaria, eta Udalak edaria eta parrillak jarriko ditu. 220 lagunentzat dago lekua eta jada 189k izena eman dutela adierazi dute Kultur Etxeko arduradunek. Izena Kultur Etxean eman behar da eta pertsonako euro bat ordaindu behar da.
2008-05-23 | 12:05:00
Mikel Markezen kontzertua ez da gaur, gaur zortzi baizik
'Hitza'ren gaurko paperezko edizioan gaur Zizurkilen kontzertua emango duela jartzen du baina ez da zuzena
Mikel Markezek maiatzaren 30ean, gaur zortzi, alegia, emango du kontzertua Zizurkilego Kultur Etxean. 'Hitza'ren paperezko edizioan kontzertua gaur dela agertzen da, baina hori ez da zuzena. Barkatu eragozpenak.
2008-04-24 | 13:33:24
Ekainaren 2tik aurrera Aiak autobus zerbitzu hobea izango du
Aiako Udalak, Eudelek, Urkomek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko dute proiektu aitzindari hau
Ekainaren 2tik aurrera aiarrek autobus zerbitzu hobea izango dute. Xehetasunak eman dituzte gaur goizean, besteak beste, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok eta Aiako alkate Igor Iturainek. Iturainen esanetan zerbitzu berri honi esker "Aia Zarautzekin lotuko da eta auzoetan geldioaldi ugari izango ditu". Bai Olanok bai Iturainek landa eremuko herrietara zuzendu den zerbitzu berriak izango duen "malgutasuna" azpimarratu dute. Urtebete iraungo du proiektu aitzindari honek eta helburuak betetzen badira Gipuzkoako beste udalerri txiki batzuetan jarriko da martxan. Iturainek adierazi duenez, Aiako Udalaren helburua "zerbitzu hau egonkortzea da eta ez urtebetera mugatzea".
2008-04-15 | 11:51:44
Sortzen Ikasbatuaz elkarteak festa egingo du igandean Aian
'Bultza euskal hezkuntza' lelopean egun osoko jaia antolatu du Lardizabal eskolaren laguntzarekin
Igandean Sortzen Ikasbatuaz elkarteak festa egingo du Aian. Aurreneko aldia da Gipuzkoan egingo dena, eta maiatzaren 18an Iruņean ospatuko duten Nazio Festaren aurrekaria izango dela adierazi dute antolatzaileek. Belen Zabala Lardizabal herri eskolako irakasleak dei egin die herritarrei festan parte hartzeko. Eurak festa antolatzen laguntzen ari dira eta igandean irakasle eta ikasle talde batek ongietorri moduan zenbait kanta abestuko dizkiete Aiara hurbiltzen direnei. Egitarauaren barruan, besteak beste, mendi ibilaldia, bertsolariak,hainbat ikastetxetako kideen ikuskizuna, herri kirolak, bazkaria, pailazoak eta erromeria egongo dira.
2008-04-07 | 13:06:24
Nerea Amilibia nagusitu da mendi maratoiko Euskadiko Txapelketan
Atzo Gasteizko Mendietan egindakoarekin "pozik" agertu da aiarra
Nerea Amilibiak "gustura" egin zituen atzo maratoiko 42 kilometro eta 185 metroak. Gainera eguraldi ederra tokatu zitzaien eta "sekulako ikuspegiaz gozatu" ahal izan zutela adierazi du. Ibilbidea "polita" zen arren 25. kilometrora arte jatekorik ez zietela eman kritikatu du aiarrak eta agian horregatik amaitu zutela proba 9 emakumetatik lauk bakarrik. Datorren asteburuan deskantsatu ondoren hurrengoan Aloņako proban parte hartzeko asmoa du Amilibiak.
2008-04-02 | 16:36:58
Mikel Markez: "Nire ibilbide osoaren laburpen bat da bilduma disko hau"
Bihar goizean aurkeztuko du "Zure begiek bilduma 1988-2008" diskoa eta Aian emango du aurreneko kontzertua larunbat gauean
Bere zortzigarren lana kaleratuko du bihar Mikel Markez bakarlariak. 20 urte daramatza abesten eta urte horietako lanaren laburpena egin nahi izan du disko honekin. Larunbatean emango du aurreneko kontzertua Aiako plazan, 22:30etik aurrera; kontzertuak ematen hasteko "gogotsu" agertu da. Disko hau "asko mimatutako diskoa" dela eta duten "guztia jarri" dutela adierazi du. "Abesti batzuei bizitza berria eman eta haiek berriz jendeari aurkeztu nahi izan dizkiot", esan du Markezek. Hamalau abesti biltzen ditu diskoak eta hautaketa "zaila" izan dela nabarmendu du. Jendeak "gustukoen" dituen abestiak sartu ditu diskoan. Biharko paperezko HITZAn irakurri ahal izango da elkarrizketa osoa.
2008-03-12 | 16:44:51
Garmendia izan da nagusi Aiako idi proba lehiaketan
Atzo gauean amaitu zen lehia eta eskualdeko lau idi pareek ezin izan zuten aurreneko posturik lortu
Garmendia izan da garaile Aiako idi proba norgehiagokan 46 plaza eginda. Bigarren Zerain izan da 44 plazarekin eta hirugarren, berriz, Laski, 43 plazarekin. Eskualdeko lau idi pare ere aritu ziren lehian baina ez zuten emaitza onik lortu. Ondoen Letea jatetxea ibili zen, 40 plaza egin baitzituen, bosgarren postua eskuratuz. Eusebio Arzadun seigarren izan zen 38 plazarekin, Izeta Anaiak hamabigarren izan ziren 28 plazarekin eta Izeta, berriz, azken postuan gelditu zen 24 plaza eginda.Amaieran omenaldia egin zioten idiekin ez zuen zorte handirik izan oraingo honetan. Lau egun iraun du asteartean amaitu zen lehia honek. Orokorrean probak ikustera jende asko etorri ez bada ere, antolatzaileak gustura gelditu dira azken egunean jende asko hurbildu zelako.
2008-03-12 | 14:47:55
Apirilean hasiko dira merkataritza eraikina egiten Armendi Gainen
Urtebeteko epean amaituta egongo dela espero du Udalak, eta oraindik lau lokal eta bost trasteleku salgai daudela adierazi du
Armendi Gainen merkataritzarako eraikin bat egingo du Udalak. Eraikin horretan farmazia, okindegia eta ileapaindegia egongo direla adierazi du Udalak, eta oraindik beste lau lokal eta bost trasteleku salgai daudela gaineratu du. Okindegiak kafetegia eta gozotegia ere bilduko ditu bere baitan. Proiektua udaletxean dago ikusgai. Lanak apirilean hasiko dira eta lehenengo faseko lanak Saiatu enpresari esleitu dizkio. Fase honek 473.932,96 euroko aurrekontua izango du, eta guztira 912.259,38 euro gastatuko dira proiektu honetan. Lokal eta trasteleku hauekiko interesa duenak 943212354 telefonora dei dezake.
Erakusketa
Pintura eta argazkiak
ZARAUTZ, Wozzeck arte galeria - 2008-03-31
Erakusketa
Beirate artistikoak
ZARAUTZ, Legarra beirategian - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.