
2009-05-25 | 17:12:08
Busti-bustia izan da aurtengo Asentzio Feria
Euriak eta behelainoak ez dituzte beldurtu herritarrak eta bisitariak eta jende ugari bildu da aurtengo Asentzio Ferian
Igandean eguraldi onak lagundu ez bazuen ere, urtero bezala jende ugari bildu zen Aiako Asentzio Ferian. Ganadua, egunero ikusten ez diren animalia bitxiak, barazki ekologikoak eta landareak, baserriko produktuak eta beste hainbestez gozatzeko aukera izan zuten denek. Gainera, aurten estreinekoz baserri giroko hainbat lanbide aintzinan nola egiten zituzten ikusteko beta ere izan zen Aian.
2009-04-24 | 15:52:24
Maiatzaren 3rako 'Bizi euskal eskola!' festa antolatu dute
Ekimena Sortzen Ikasbatuaz elkarteak antolatu du Aiako Lardizabal Eskolaren laguntzarekin
Aurten ere Sortzen Ikasbatuaz ikastetxe publikoen elkateak Lardizabal eskolaren laguntzarekin Bizi euskal eskola! jaia antolatu du Aian maiatzaren 3rako. Sare publikoko ikastetxeetako irakasle, guraso, eskola-langile eta ikasleeak biltzen dituen elkarteak festa Aian antolatzen duen bigarren aldia da eta aurten ere denek batera Euskal Eskola Publiko Berriaren aldarria egingo dute jai giroan. Elkartearen Nazio Festa Iruñean izango da maiatzaren 24ean eta Aian maiatzaren 3an egingo den festak jai handia girotzeko eta iragartzeko helburua duela azaldu dute antolatzaileek. «Horretaz gain, gure eskola ereduarekin bat egiten duten gipuzkoarren arteko harremanak sendotzea ere nahi dugu».
2009-03-11 | 19:06:20
Eizagirre eta Lertxundi aurrera doaz Udaberri txapelketan
Zarauzko Kirol Elkarteak atzo jakinarazi zuenez, kadeteen hirugarren mailan jokatzen duten Kepa Eizagirre eta Igor Lertxundi aiarrak emaitza onak ari dira lortzen Udaberri txapelketan. Hain zuzen ere, txapelketako final laurdenetara sailkatzea lortu dute ZKEko pilota ataleko jokalariek. Jokin Argote eta Javi Oteiza pilotariak ibiltzen dira gazteak entrenatzen eta «oso itxaropentsu» daudela adierazi dute, izan ere, «finalera iristeko aukerak» ikusten dizkiete Aiako bi pilotari gazteei.
2009-02-24 | 14:36:23
Herriko ur zikinak Zarauzko araztegira bideratuko dituzte
2010erako saneamentu lanak bukatuta izango direla uste du Udalak
Aiako Udalak herriko ur zikinak bideratzeko proiektua jarriko du abian. Lanak bukatzen direnean, beraz, Zarautz inguruko gainontzeko herriek egiten duten bezala, Aiako ur zikinak ere Zarauzko araztegira eramango dituzte. Egitasmoak hainbat fase izango ditu. Udaberri aldera esaterako herrigunetik Andatza bitarteko ur zikinak jasotzeko hodi berriak jartzen hastea espero du Aiako Udalak. Aiako alkate Igor Iturainek azaldu duenez hasiera batean Andatza auzoan araztegi bat egitea aurrikusita zuten, «baina, azkenean herri gunetik, Andatza auzotik barrera Santio Erreka auzoraino ur zikinak jasotzeko hodiak sartuko ditugu. Santio Errekan saneamendu sarea egina dago eta bertako ur zikinak Zarauzko araztegira bideratuta daudenez, herrigunetik datozen hodiak ere saneamendu sare horretara lotuko ditugu». Iturainen iritziz, aldaketa behar-beharrezkoa da, orain arte Aiako ur zikinak herrian bertan isuri izan baitira, ingurua eta erreka kutsatuz. Aiako Udaletik azaldu dutenez, oraindik data zehatzak zehaztu gabe badaude ere datorren urterako ur saneamendu sare berria bukatuta izatea espero dute.
2009-02-24 | 14:32:25
Idi apustua jokatuko dute Olidenek eta Larrartek larunbatean
22:00etan hasiko da idi dema apustua Aiako probalekuan eta orain arte plazaratu gabeko idiekin lehiatuko dira bi aurkariak
Eskualdeko idi dema zaleak zorteko dira, datorren asteburuan hitzordua izango baitute Aiako dema plazan. Izan ere, Iñaki Oliden oriotarrak eta Egoitz Larrarte Bizkarre usurbildarrak idi apustua jokatuko dute larunbatean. 22:00etan hasiko da saioa eta orain arte plazaratu gabeko idiekin arituko dira bi apustulariak. 2.400 euro izango dira jokoan. 1600 kiloko Urgain harria tirako dute idiek apustuan zehar eta harriari 110 kiloko gainkarga jarriko diote; beraz, denera 1.710 kilorekin frogatu beharko du idi pareak plazan gehiago nork egiten dituen. Apustuan parte hartuko duen idi pare bakoitzak 1.100 kilo pisa dezake eta hortik gorako kilo bakoitzeko kilo eta erdiko gainkarga erantsiko diote Urgain harriari.
2009-02-11 | 11:13:18
Talo Eguna antolatu du Guraso Elkarteak datorren iganderako
17:30ean hasiko da jaialdia; eguraldi ona egiten badu plazan egingo da, bestela herriko pilotalekuan egingo dute
Urtero bezala datorren iganderako Talo Eguna antolatu du Aiako Lardizabal Eskolako Guraso Elkarteak. 17:30etan hasiko da jaialdia eta hasiera batean herriko plazan egiteko asmoa dute antolatzaileek. Laurentzi Iturain Guraso Elkarteko kideak azaldu duenez, ordea, "ikusi egin beharko da nolako eguraldia egiten duen. Eguraldi kaskarra egiten badu, herriko pilotalekuan egingo dugu, estalia delako"
2008-12-15 | 11:04:58
Sute batek kalte handiak eragin ditu Urdanetako Markeskua eta Sailkoa baserrrietan
Bertako sei bizilagunak onik atera dira
Sute handia izan da bart goizaldean Aiako Urdaneta auzoko Markeskua eta Sailkoa baserrietan. Baserria bi etxebizitzakoa denez, bi baserriei eragin die. Goizeko ordubi eta erdiak inguruan piztu da sutea Markeskua baserrian, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, eta laster zabaldu dira garrak Sailkoa baserrira eta inguruetara. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, bi etxebizitzakoa zen baserria: batean senar-emazte bikote bat eta haien hiru seme-alabak bizi ziren eta bestean gizonezko bat. Sei lagunak onik atera dira sutetik, eta senideen etxeetan aterbetu dituzte behin-behinekoz. Suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuak iritsi direnerako, baserriko sei bizilagunak kanpoan ziren, eta ez dute osasun zerbitzuen laguntzarik behar izan. Markeskua baserriko alaba Amaia Lizasok zehaztu duenez, suteak kalte larriak eragin ditu, «bi baserriak kiskali dira, baita bertan zegoen guztia ere. Gure baserrian hasi da sutea eta ezin izan dugu ezer salbatu arropa, altzariak,dena erre da. Abereak ere erre egin dira: 60 ardi inguru, 5 txerri, oiloak..». Urdanetako bizilagunek azaldu dutenez, Sailkoa baserrian bizi zen bizilagunak, berriz, ganadua eta autoa baserritik ateratzea lortu du. Goizeko bostak eta hamar inguru arte ez dute lortu suhiltzaileek garrak kontrolpean hartzea, eta 800 metro koadroko baserria kiskalita geratu da. Suhiltzaileek badaezpada han jarraitzen dute, su txinparta berririk sor ez dadin. ARGAZKI BILDUMA
2008-10-30 | 12:44:45
Aiako I. Igoera jokatuko da igandean
Igandean 10:00etan entrenamenduak izango dira eta 11:30ean txapelketari hasiera emango zaio
Asteburu honetan Aiako I. Igoera jokatuko da Andatzatik Aia bitartean. Auto lehia Lagun Artea Eskuderiak antolatu du Aiako Udalaren laguntzarekin. Ibilbideak denera 4 kilometro luze izango ditu eta bertan biltzen diren autozaleek bihurgune nahiz tarte azkarrez gozatzeko aukera izango dute.
Behe Bidasoako Hitzaren aurkezpen bideoa
Behe Bidasoako Hitza
Batzarra
Barduliarren antzerki tailerra
ZARAUTZ, Sanz Enea Kultur Etxea - 2009-07-03
Kultur astea
XXIII.Akordeoi Kultur Astea
ZARAUTZ, Zarauzko itsas-pasealekuan, Antoniano Aretoan, Musika Plaza - 2009-07-02
Esaldia
Eskaladak dena eman dit. Eskalatzen hasi ez banintz bestelakoa nintzateke Gorka Karapeto (Berria, 2009-01-09)
Izoztutako tximista ikusgarriak
Igande arratsaldean dardarka jarri zen eskualdea. Euri zaparradez gain, txingor jario gogorra izan zen, trumoiak borborka, eta noski, tximistak etengabe. Normalean, begirik azkarrenek ere lanak izaten dituzte tximistak garbi ikusteko. Lorentxo Portularrumek lortu du tximistak izoztea. Modu ikusgarrian, gainera. Lorentxo Portularrume
AIA
Zer iruditzen zaizu Aiako Udalak hartu duen erabakia?
Aiako Udalak Telefonica enpresari konpentsazio ekonomikoa eskatzea erabaki du, telefonorik gabe egoteak eragindako kalteengatik.
Jasotako azken mezua:
2007-10-10
Oso ondo iruditzen zait. Udalek izan beharko lukete herritarren eskubideak defendatzen lehenengoak. ...(+)
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.